XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Esaldion arteko aldea ikusten ez duenari, apenas lagun diezaiokedan nik, baina besteentzat (honen irakurle guztientzat, beraz, espero dudanez), ohartaraz dezadan sintagma determinatuetan (mugatzailea daramatenetan) dela larrien bereizkuntza. Erlatibozko perpausen eta haietatik eratorrien zehaztailetasunari dagokio nagusiki auzia, baina hori ere beste batean jorratu beharko dugu luze-zabal.

2.2 GALDEGAI-LIZENTZIEN MUGA EUSKARA ESTANDARREAN

Ahozko hizkeren (eta harekin batera, hein batean zein bestean, idazle zaharren) hitz-ordenamendua ez dator beti bat gaur egungo idazkerarenarekin.

Indarrean dagoen ordenamendu arauaren arrazoi funtsezkoena, Altube eta abarren teoria hain ospe anbiguokoetan (eta haien inguruko teoriakerian) bakarrik ez, eta intonazioaren baitan dauden joskera erdal-jitekoen idatzizkorako funtzionaltasun eskasagoan ere aurkitu behar da, puntuazioaren gora-beherez jardun dugunean ikusi dugunez. Izan ere, ez ziren Altube eta konpainia gure arteko, ez dogmatikoenak, eta ez txoroenak.

Euskararen tipologiak uzten duen punturaino, egia da bide batetik abia zitekeela euskal prosa (Leizarragarenetik, kasurako), baina izanbalizko bideak ezin gaitu etorkizunera eraman, ez baita pasatzen orainaldi errealetik. Interesgarriak dira, jakina, aukeratu dugunaz besteko jokabide horien azterketa teorikoak, abiatuak garen idazmolde hori malgutu eta fintzeari begira.

Arriskutsua da, hala ere, bi maila horiek teorikoa eta praktikoa, dena eta izan zitekeena nahastea, erreferentziarik gabe gera baikaitezke, eta dabilenaz gainerako euskal Babel itxuragabe batean zein bere aldetik setatu. Jakina, sistema alternatiboek beren ajeei ere begiratu beharko liekete, hasteko, ea ez duten gaitza gaitzagoz erremediatu nahi.

Horretaz gainera, adostasun zabal bat ere irabazi behar luke dena delako ereduak, kode estandar baliagarri izango bada, eta ez endredamakila testimonial huts. (Badirudi, hala ere, halako soluzio magiko baten lilurapean bizi dela bat baino gehiago, errealitateko jardun-behar apal neketsua jasan ezinez.)

Seinala dezadan, bada, hasteko, zein den, nik uste, gaur egungo euskal idazkera estandarraren lizentzia-muga, galdegai-lege dontsu horri dagokionez.